URAREN BALIOA


Zergatik ordaintzen dugu uraren fakturan ordaintzen duguna? Hori zen gure bezeroak herritarrei azaldu nahi ziena. Uraren faktura iristen zaigunean, normalean zenbaki bati begiratzen diogu. Baina zer dago zenbaki horren atzean? Zer ari gara benetan ordaintzen?
Galdera horretatik abiatuta, uraren benetako balioa herritarrei modu erraz eta ulergarrian erakusteko, “Uraren balioa” kanpaina proposatu eta garatu dugu Gipuzkoako Ur Kontsortzioa – Gipuzkoako Urak|rentzat. Horretarako, kanpainaren unibertso osoa garatu dugu: landing orrialdea, ikus-entzunezko pieza, udalerrientzako komunikazio-material digitalak eta prentsa-kabinetearen kudeaketa.
Landing orrialdean, herritarrek uraren prezioa, fakturaren osagaiak eta Gipuzkoako Urak-en tarifak modu bisualean ezagutzeko aukera dute, Espainiako eta Europako beste erreferentzia batzuekin alderatuta. Baina erronka ez zen uraren prezioa azaltzea soilik. Prezio horren balioa ulertaraztea baizik.
Horretarako sortu dugun ikus-entzunezko piezan, urak egiten duen ibilbidea erakutsi dugu, baita ibilbide horren atzean dagoen lana ere: ura naturatik hartzea, edangarri bihurtzea, etxe eta enpresetara eramatea, erabilitako ura araztea eta naturara baldintza egokietan itzultzea.
Kanpaina herritar guztiengana iristeko, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa osatzen duten udalerrientzat komunikazio-material digitalak ere prestatu ditugu, udal bakoitzak kanpainaren mezua bere herritarrei egokitutako kanaletan zabaldu ahal izan du. Azken batean, hori da komunikazioaren balioa: konplexua dena hurbiltzea, ikusten ez dena erakustea eta datu baten atzean dagoen istorioa kontatzea.
Eta kanpaina aurkezteko, prentsaurrekoa ere antolatu genuen. Gipuzkoako Ur Kontsortzioa osatzen duten udalerrietako batean deitu genituen komunikabideak, kanpainaren berri zuzenean emateko eta haren helburuak azaltzeko. Udalerri horretako alkateaz gain, beste bost alkate ere izan ziren prentsaurrekoan, kanpainaren atzean dagoen udalerrien arteko lankidetza eta konpromisoa erakusteko.
Horrela, kanpainaren mezua ez zen soilik Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren ahotsaren bidez zabaldu; lurraldeko udalerrien eta ordezkari instituzionalen parte-hartzea ere baliatu genuen, mezua herritarrengana are modu hurbilagoan helarazteko.
Azken batean, Uraren balioa kanpainak zenbaki baten atzean dagoena ikusarazi nahi izan du: txorrotatik ura iritsi aurretik dagoen lana, azpiegitura, baliabideak eta pertsonak. Horixe izan da gure komunikazio-erronka: uraren prezioa azaltzetik harago, uraren benetako balioa herritarrei erakustea.






