Beasaingo Azokaren 100. urteurrenaren harira, azokaren memoria eta etorkizuna uztartzen dituen ekimenak antolatu ditugu: argazki erakusketa berezia eta mahai ingurua.
Ekimen horien bidez, Beasaingo azokaren balio historikoa azpimarratzeaz gain, haren bizitasuna eta etorkizunerako potentziala erakutsi nahi izan ditugu.
Gure ekarpena bi ardatz nagusitan egituratu da:
Argazki erakusketa berezia
- Azokaren ibilbidea irudien bidez kontatzeko argazki zaharren bilketa eta dokumentazio lan sakona burutu dugu, memoria kolektiboa berreskuratzeko eta balioan jartzeko.
- Bildutako materialarekin kontakizun bisual zaindua diseinatu dugu, ikusleak denboran zehar bidaiatu dezan.
- Erakusketaren diseinu narratiboa landu eta muntaketa lanak xehetasun handiz gauzatu dira, esperientzia estetikoa sortuz.
Mahai-ingurua: “Azoka lehen, orain eta etorkizunean”
- Beasaingo azokaren mendeurrenaren harira mahai-ingurua antolatu dugu, hau da, hausnarketarako eta elkarrizketarako gune irekia.
- Azokako ekoizle ohiak eta gaur egungoak bildu dira, baita eskualdeko landa garapenean diharduten eragileak ere.
- Ikuspegi anitzetatik abiatuta, azokaren bilakaera aztertu eta etorkizunerako erronkak eta aukerak partekatu dira, belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraikiz.







